XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Tutoretza judizialeko eskubidea izan da, zalantzarik gabe, Auzitegi Konstituzionalak gehien garatu duenetako bat.

Formulazio konstituzionala, puntu honetan, oso laburra da benetan eta batipat penalak ez diren prozesuei dagokienez.

Horregatik aitor daiteke, ezen eskubide honi, beste edozeini baino areago, Auzitegi Konstituzionalak bere erabakietan horretaz konfiguratu duen jurisprudentziak eman dizkiola bere profilak eta edukina.

Kasu honetan, beste edozeinetan baino areago seguraski, eskubide-edukinaren estudioak bereziki behartzen gaitu Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziazko produkzio ugarira jotzera, bera baita eskubide honen edukina eta mugak definituz joan dena.

Jurisprudentzia horren arabera, tutoretza judizial efektiborako eskubidea defini daiteke esanez, dela, pertsona guztiek daukaten eskubide bat, sistema judizialera jotzeko eta, prozesuaren barnean, beren ahalmen guztiak egikaritzeko, horrela organo judizialek beren uziak aztertu ondoren erabaki motibatu eta zuzenbidearen araberako bat eman dezaten, eta uzia onartuz edo ezetsiz egia ofiziala ezar dezaten.

Alor honetan Auzitegi Konstituzionaletik jariatu den jurisprudentziaren gauzarik gogoangarriena da, benetako faktore aldarria izan dela Espainian tradizionala zen praktika judiziala eraldatzeko.

Izan ere, praktika honen ezaugarria zen, funtsean, formalismo gehiegi zeukala, honen oinarri sendoa izaki, ordenamendu prozesal formalista bat, Auzitegien eta, batipat Auzitegi Gorenaren jokabide lar formalistarekin, neurrigabe areagoturik zegoena.

Bigarren, portaera judiziala, tradizio luze batean eratua izaki, nabariki zegoen arbitrariotasunak jota, itxuraz bederen, erabaki judizialak ez baitzituen batere motibatzen, edo oso urri behintzat.

Azkenik, prozesu penalean ez zen batere arraroa errugabetasun-presuntzioak praktikan indarrik ez edukitzea, honen ondorioa izaki, ahozko judizioan ez zela froga-lanik batere egiten, edo oso gutxi behintzat, eta, ez gutxitan, errefutaezineko karguen froga-indarra izaten zutela poliziaren atestatuek.

Ederki batean esan liteke, Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziak, zuztar handiko jokabide judizial horien kontrako bidea egin duela erabat.

Izan ere, lehenengo eta behin, joera antiformalista da Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentzian ageri den ezaugarri nabariena: nahiz eta Auzitegiak garbi esaten duen, prozesuko ukanbeharren betepena ez dagoela uzterik alderdien iritzira, asko dira haren epaiak, indarreango legalitatearen interpretazio formalista bategatik beren tutoretza judizial efektiborako eskubidea zapaldurik ikusi dutenei anparoa ematen dietenak.

Horrela adierazten du Auzitegiak, ezen arau prozesalak, eta prozedurazko formak, instrumentu direla eta ez helburu, hau da, tutoretza judizialaren zerbitzuan daudela eta ez alderantziz.

Zentzu honetan, Auzitegi Konstituzionalak esan du, eskubide hau ez dagoela trabatzerik arau konstituzionalaren helburuaren kontrako doan formalismo enerbante batzuengatik ernegagarri esan nahi du hor inondik ere.

Postura antiformalista horren osagarria da, Auzitegi Konstituzionala, oinarrizko eskubidearen efektibitatearentzat faboragarriena izan daitekeen arau-interpretazioa bilatzeko, etengabe egiten ari den ahalegina.